Osasunaren arloak motibatuta erizaintza ikasten hasi nintzen. Prozesu horretan, osasun komunitarioaren begirada gustatu zitzaidan gehien; osasuna ongizate gisa ulertzera eraman ninduelako, eta ez hainbeste patologiaren ausentzia soil gisa.
Bide honetan, zientzia sexologikoa aurkitu nuen. Honek emakume eta gizonak – eta hauen arteko harremanak- beren potentzialitatetik begiratzea ahalbidetu zidan, giza-sexualitatearen eta bere ondorio guztien aurrean begirada ulerkorrago bat izanez.
Horregatik, erizaintzarekin batera, sexu-hezkuntzako begiraleko prestakuntzarekin hasi nintzen. Ondoren, INCISEXeko Sexologia Masterra egin nuen eta Biko Arloakeko Sexologia Klinikoarekin osatu nuen nire bidea. Azken bi urte hauetan, gainera, Soma-ko sexu-hezkuntza formakuntza amaitu dut, eremu honetan espezializatzen eta tresna berriak eskuratzen lagundu didana.
Horrez gain, Gestalt psikoterapiak ere bide berriak zabaldu dizkit. Horri esker, tresna indartsuagoak ditut bai hezkuntzarako baita kontsultarako ere, kontzientzia, gorputza eta orainarekin modu integralean lan eginez.
Sexologia ezagutu nuenetik, ikasten jarraitzen dudan zientzia bat da. Izan ere, sexuen arteko desberdintasunez, sinergiez, interakzioez eta elkarbizitzaz hitz egiten duen diziplina honek ideia nagusi bat erakutsi dit: sexualitatea kultibatu eta hezi daitekeen dimentsio bat dela.

