Bloga

Hirutxuloko hitzan elkarrizketa: “Ilunpean dagoen tokian argia bota beharra dago”

Duela gutxi Hirutxuloko Hitzarekin elkartzeko aukera izan nuen Osasun Sexualaren Munduko Egunaren harira, sexuen hezkuntza eta aholkularitzari buruz hitz egiteko. Oso elkarrizketa goxoa izan zen, eta sakondu genituen puntu nagusiak zuokin hemen partekatu nahi nituzke.

Genitalak eta sexua

«Genitala gauza bat da, eta sexua beste bat; baina osasungintzatik nahastu egiten dira. Sexua da gure paradigma, eta horrek gizakiongan eragiten dituen ondorio guztiak: identitatea, aniztasuna, erotika, desirak…».

Eskolen hutsunea

“Sexu heziketak errotiko aldaketa bat behar du: arriskuen prebentzio soilari begiratzeari utzi, eta ongizate integrala erdigunean jarri behar da. 

“Haurrei gauzak argi azaltzen ez zaizkienean, helduen isiltasunak eta ezagutza faltak arrakala handiak sortzen dituzte. Ondorioz, haurrek beren kabuz eraikitzen dituzte ideiak, sarritan, beldurretatik edo uste okerretatik abiatuta.”

Autoexijentzien zama

«Harremanetan asko eragiten du gure buruari edo ondokoari sartzen diogun presioak, harremanak nolakoak izan beharko liratekeen dugun ideiarengatik. Presio hori, hain zuzen, desio duguna normala den edo ez epaitzeko ohituratik elikatzen da».

Fikzio komertziala

“Gizartean maitasun harremanen inguruko erreferentzia falta handia dagoenez, pornografian ikusitakoa eredu bihurtzen da: «Jendeak uste du hori dela egin behar dena, gizakiok desio duguna, gizaki baten maitasun edo harreman erotiko baten ideala hori izango balitz bezala”

Mekanika hutsa

“Sexua oraindik «animaliatasunetik» ulertzeak, ordea, giza sexualitateak maila oso «basiko eta kopulatibo» batera murrizten ditu: erritmo mekaniko eta errepikakor baten bidez gizonezkoaren orgasmo azkarra bilatzera bideratuta dago, animalien kopulazio jardueraren antzera. Horrek uste oker batera garamatza, gizakiok desiratzen duguna praktika mekaniko hori dela pentsaraziz. Sexologiaren teoriak eta bizipenek, ordea, kontrakoa erakusten dute: «Maitasun edo sexu harremanetan gehien baloratzen dena da konpartitu ahal izatea, gustura egotea, maitatua sentitzea eta maitatzea».”

Elkarrizketa osoa irakurri nahi baduzu, papereko edizioaz gain, hemen duzu sareko jatorrizko artikulua.

Zuk ere gai hauetan sakondu nahi baduzu edo kontsulta espazio bat behar baduzu, jarri harremanetan nirekin hemen].