Bloga

NARANJA OSOAK IZANIK MAITATU AL GAITEZKE?

“Ez gara laranja erdiak, osoak baizik”.
Hori esan dute maiz batzuek.

Baina, posible al da naranja osoak izanik elkar maitatzea?

Platonen liburuan jasotako mitoaren aldaera bat da mito erromantikoa eta naranja
erdiaren bertsioa. Izatez, azken bi hauek jatorrizko mitoa barregarri uzteko erabili dira.
Baina, ondo ulertu al da jatorrizko izaki borobilen mito hau?
(Naranja) osoa izateak zer esan nahi du?
Eta osotasunak uzten al du maitatzen?

Badirudi ez dagoela oso argi laranja osoak, erdiak… edo gizakiak garen.
Baina, argi ikus daitekeen gauza bat da, izan osoak, erdiak edo laurdenak, gizakiak
elkar bilatzen direla eta denek bilatzen dutela gustora sentituko diren norbait, gustoko
norbait. Eta, honen aurrean, giza desira bat azpimarratzera ausartuko nintzateke:
maitatzearen eta maitatua sentitzearen desira.

Baina, zergatik? Zergatik bilatzen dute denek hori? Zergatik interesatzen zaie
denei maitasuna?

Ez da galdera erraza erantzuteko. Askotariko erantzunak daude honen
aurrean: eboluzioan oinarritutakoak, biologian, gure garuneko kimikan, historian,
soziologian, kulturan…

Baina, bada, behin, honen aurrean sortutako erantzun mitiko bat. Mito batean
oinarritutakoa, alegia. Eta honek kontatzen du nola behin, gizakiak izan aurretik izaki borobil batzuk zeudela. Eta ez borobilak bakarrik: autosufizienteak, autonomoak eta
independienteak. Osoak sentitzen ziren, akatsik gabeak. Eta zer ekartzen zuen honek? Ez
zirela elkar jasaten. Beti borrokan eta istiluetan sartuta. Ondorioz, nahiko triste bizi ziren eta elkartzen baziren elkar gogaitzeko besterik ez zen izaten.

Baina jainkoek zerbait egin nahi izan zuten izaki hauekin eta, azkenean, ebakitzeko
erabakia hartu zuten. Bitan banatuko zituzten.
Izaki hauek kexa besterik ez zuten egin erabaki honen aurrean eta erresistentzia
handia jarri zuten, baina, behin moztu ondoren, emaitza harrigarria izan zen. Beraien arteko iskanbilaren ordez, moztutako beste bat bilatzen hasi ziren.
Jainkoek batzuk mozten zituzten bitartean, jadanik moztuta zeudenek elkarri zauriak sendatzen zizkioten. Miresgarria zen haiek ikustea.

Moztu ahala, elkarren beharrean sentitzen ziren, zaurgarri, hauskor. Eta,
minduta, elkarri laguntzen saiatzen ziren.

Batzuk plazerez oihukatzen hasi ziren. Beste batzuk xuxurlaka. Eta denek aurkitzen
zituzten interes handiko sentsazioak. Elkarri orbainak miazkatzen zizkioten eta lasaitu egiten ziren. Eta gustua, gustu handia sentitzen zuten eta hau, plazer berri eta arraroa zen.

Hizketan eta elkarri entzuten hasi ziren eta oso harrituta zeuden. Elkar gustatzen eta
seduzitzen saiatzen ziren eta horretan denbora asko pasatzen zuten. Harrituta geratzen
ziren sentitzen zituzten emozioekin.

Modu honetan, bakoitzaren perfekzio eta autosufizientzia sentimenduak ekartzen
zuen borrokak atzean utzi eta mozketak eragindako hauskortasun eta zaurgarritasun
sentsaziotik elkar maitatzen hasi ziren.

Neska batzuk mutil bezala ulertutako zatietan geratzen ziren gustora. Beste
batzuk, aldiz, beste neska zatietan aurkitzen zuten gustua. Mutilei ere antzeko zerbait
gertatzen zitzaien: batzuk mutilen zatiekin elkartzen ziren eta beste batzuk nesken
zatiekin.

Eta noski, bazegoen denbora luzez elkartuta geratzen ziren zatiak eta baita
momentu batean beste zati baten bila abiatzen zirenak ere.
Azken finean, beraien hasierako osotasun hori bilatzen zuten, nahiz eta inoiz ez ziren
guztiz lortzera iristen bat izatearen sentsatzioa.

Eta hala hasi omen zen gizakion arteko maitasuna. Hala dio, behintzat, aspaldi jaso
zen mito honek.

Beraz, maitasunari buruzko galderari, mozketaren edo sexuaren (sexu hitzak
latinez moztu esan nahi du) erantzuna jarri zioten.

Noski, hau fantasiazko azalpen bat da. Ez da ebidentzian oinarritutakoa.

Baina, mitoek, orokorrean ideiak eta baloreak transmititzeko balio duten
heinean, honek maitasunaren jatorriaren inguruan ideia batzuk proposatu nahi ditu.

Besteak beste, elkar behar izatearen sentimenduak sor dezakeela elkarrekiko
begirunea, interesa, zaintza eta gerturapena. Eta, ondorioz, maitasuna.

Alegia, borobila, perfektua, autosufizientea eta inor behar ez izateak ez duela
maitatzen uzten. Are eta gehiago, borrokan jartzen gaituela. Aurkari.

Modu honetan, balioan jartzen ditu hauskortasuna, zaurgarritasuna, mozketa edo
sexua eta maitasuna.

Eta, gaur egun, ematen al diegu ezaugarri hauei maitasunean duten garrantzia eta
balioa?

(Testuko zati batzuk e.amezua eta n.foucarten Los seres cortados liburutik hartuta
daude).

Libe Osa Arzuaga
Gaztezulorako idatzita